Exposición de Palestina en Arrasate
Welcome to Palestina’ erakusketa ikusgai dago Ezker Anitza IU-ren egoitzan
Testua eta argazkiak: Marijo Simon. 2018ko abenduak 11, asteartea.
SOdePaz elkarteak Ezker Anitza IU alderdi politikoaren egoitzan’ Welcome to Palestine’ erakusketa zabaldu du, herritarrak Palestina jasaten ari den okupazio sionistaz kontzientziatzeko. 70 urte baino gehiago dirauen okupazio bidegabe honek ez du palestinar herriaren harrotasuna itzali, eta nahiz eta nazioarteko komunitatea beste alde batera begira egon, gogor eta tinko jarraitzen du bere autodeterminazio eta onarpenaren alde borrokan.
Erakusketa 18 argazki eta irudiz osatutako panelez antolatuta egongo da, giza eskubideen ikuspuntutik jorratutakoak guztiak. Palestinar herria 1948tik ari da jasaten israeldar okupazio militar basatia, eta bizitza duin eta justu bat lortzen jarraitzen du, Israelen justizia falta eta zigorgabetasunaren aurrean.
Juan Luis Merino Ezker Anitza IU-ko kideak Palestinako errefuxiatuen guneak bisitatzeko aukera izan zuen ekainean, eta azaldu duenez “egoera oso latza da, apartheid harresia eraiki zenetik, eguneko 24 orduz jasan behar dute poliziaren kontrola”.
Erakusketa abenduaren 10etik 22ra bitartean bisitatu ahalko da Ezker Anitza IU-ren egoitzan, Aldai 9 behea kalean, 18:30eatik 20:00etara.
‘Palestina, okupazioa eta erresistentzia’
Bestalde, bihar asteazkena, arratsaldeko 18:30ean ‘Palestina, okupazioa eta erresistentzia’ hitzaldia eskainiko du SOdePAZek Kulturateko Areto Nagusian. Hizlariak Xabier Agirregabiria (SOdePAZ), Olaia Duarte (EH Bildu), Esther Piñeiro (CCOO) eta Juan Luis Merino (Ezker Anitza-IU) izango dira.
Hitzaldiaren helburua pasa den ekainean Palestinara joan zen euskal delegazioak bizi izandako esperientzia eta informazioa elkarbanatzea izango da. Lan talde honek bertatik bertara frogatu zuen Israelgo estatuak Palestinako herritarrengan giza eskubideen urraketa larriak eragiten zituela. Hizlarien testigantzez gain, ikus entzunezko materiala ere erakutsiko da.